lunes, 13 de noviembre de 2017

EIBARLABS 3: Soinudun Espazio Publikoa



EibarLABS proiektua HIRIKITEN ELKARTEAK aurrera eramaten duen ekimen bat da, zeinak ezagutza teknologikoa modu hurbil eta partehartzeaile batean sustatzeko eta partekatzeko helburua duen. EibarLABS-ek, giza talde ezberdinei zuzendutako tailer ezberdinen bitartez, teknologia, elementu eskuragarri eta ulergarri batean bilakatu nahi du.

Proiektuaren hirugarren edizioan, teknologia bera eta honek espazio publikoan duen inplantazioaren inguruko gogoeta bat egin nahi da, izan ere, bi kontzeptu hauek (teknologia eta espazio publikoa) elkarrekintza eta bizikidetza gaietan eragin haundia baitute.

Proiektuaren bitartez  IRRATI KOMUNITARIO BAT diseinatu, eraiki eta martxan jarri nahi da, hau da, komunikaziorako gailu elektroniko bat. Eraikiko den gailua, bi espazio fisikoz osatuta egongo da: alde batetik modu irekian zabalduko diren irrati saioetarako emisio puntua; eta bestetik, modu kolektiboan irratiaz gozatzeko entzute puntua. Era berean, gailuak, espazio ukiezin baten okupazioa ere sustatuko du, irratiak berak emitituako uhinek okupatutakoa hain zuzen ere.


PROIEKTUAREN HELBURU ZEHATZAK
Urte gutxiren buruan irratia analogikoaren desagerpena emango denez, EibarLABs3 proiektuak teknologia honen ahalduntzea bultzatu nahi du, irrati bat martxan jartzeko beharrezko jakintza eta tresnak eskeiniz. Honetaz gain, proiektuak, gizartea eta herritarrak oinarritzat hartuta eraikitako hirien inguruko hainbat helburu ere jarraitzen ditu, ondoren ikusiko dugun moduan.

Alde batetik, irrati komunitario edo partehartzaileen filosofiari jarraiki, herritarrak espazio publikoaren parte aktibo sentitzea bilatzen da, espazio fisikoaz haratago soinudun espazio ere okupatuz. Horrela bada, proiektuan interesa izan dezakeen edonork, modu libre eta irekian, bertan parte hartzeko aukera du, berriketa, musika saio, kontzertu, iritzi saio edo bestelako emaldiekin.

Beste alde batetik, teknologiak duen harrera onaren aitzakiari eutsiz, eta honek izan dezakeen konotazio informal eta dibertigarriaz baliatuz, proiektuak Eibarko aniztasunari ahotsa eman nahi dio, jatorri ezberdineko jendearen arteko integrazioa bultzatuz, eta koexistentzian bizi den hiri bat izatetik bizikidetzarako saltoa eginaz.


PROIEKTUAREN ARDURADUNAK
EibarlLABs 3 proiektuaren alderdi teknologiko eta fisikoen arduradunak, hau da, gailu elektronikoen eta emisio eta entzute puntuen eraikuntzaren arduradunak, Arquimaña*1 eta ARTEKLAB*2 izango dira, prozesu honetan ere EDUKEIBAR*3 eta HABIC*4-en laguntzarekin bat eginaz; aldiz, HIRIKITEN ELKARTEA, zeinak proiektu hau antolatu eta koordinatzen duen, proiktuaren giza alderdiaren arduraduna izango da, hau da, jendearen inplikazioaren eta irrati saio ireki eta partehartzaile baten sorreraren arduraduna.  

*1 Arquimaña  Donostiako arkitektura, barne diseinu eta altzarien diseinuan lanean aritzen den talde bat da, Raquel Ares eta Iñaki Albisturrek osatua. Fabrikazio digitalean eta diseinu partehartzailedun tailerretan adituak, EibarLABs-eko edizio guztietan parte hartu dute, baita Hirikilabs-en, Tabakalerako tailer teknologikoan, antolatutako hainbat ekimenetan ere.
*2 ARTEKLAB esperimentazioan eta  sorkuntza kolaboratiboan oinarritutako laborategi ireki bat da, zeinak Arte, Zientzia eta teknologiaen arteko uztartzean lan egiten duen. Honetaz gain, artista eta sortzaileen sostengurako plataforma bezala ere lan egiten dute, katalizatzaile gisa jokatuz, beraiek eskeinitako disziplina anitzeko lana eta jarrera partehartzaileari esker. Proiektua Jaime de los Ríos eta Daniel Tirado-k aurrera eramaten dute.
*3 EDUKEIBAR Eibarko oinarrizko lanbide heziketako udal institutua da.
*4 HABIC Ekipamendu, Egur eta Diseinu Clusterraren Elkartea da.

PROIEKTUAREN GARAPENA
Proiektuaren garapena ondorengoa izango da (partehartzearen eta gizartearen behar zehatzen arabera datak aldagarriak izan daietezke):


AZAROAREN 8-a
Ekimenaren jendaurreko aurkezpena.


AZAROAREN 9tik 30era
Irrati saio baten eratzea.
Ekimenean interesa duten agenteek bilaketa.
Gailu elektroniko eta emisio eta entzute puntuen diseinu eta prototipadoa.

 ABENDUAREN 2-3a
Gailu elektronikoen eraikuntzarako eta erabilerarako tailer irekia.


ABENDUAREN 4tik 16ra
Emisio eta entzute putuen eraikuntza partehartzailea (EDUKEIBAR-eko ikasleekin).


ABENDUAREN 16-17a
IRRATI KOMUNITARIOAREN muntaia eta programazioa.
 




PROIEKTUAREN KOKAPENA_ URKIZU
Urkizuko auzoa, Eibarren ‘beheko gunea’ bezela ezagututako esparruan kokatzen da. Bertan etxebizitza garapen oso ezberdinak aurki ditzazkegu (Orbeako dorreak nagusituz), baita jatorri ezberdinetako jendea ere. 
Fluxu askoko auzoa izanik, aktibitate gehienak Urkizu pasealekuan pilatzen dira, non ibilgailu nahiz oinezkoentzako espazioak aurkitzen ditugun.  
Auzoan ikusi daitekeen bizitasunaz gain, asko dira Urkizun hobekuntzak beharrezkoak direla pentsatzen dutenak, izan ere giza talde ezberdinen arteko kohesioa eta Eibarko ‘goiko gunea’-rekiko konexioa nahiko kaxkarra baita. Hori dela eta, EibarLABs 3 proiektua Urkizuko auzoan kokatzen da, aipatutako hobekuntzetan eragina izan nahian. 
Kontutan hartuta gainera, Hirikiten Elkarteak baztertutako espazio publikoen errekuperazioagatik lan egiten duela, proiektua, BH-Leonardo Azpiri eraikinaren azpian sortatuko aterpean kokatuko da. 170m2 inguruko azalerarekin, gaur egun, espazio honek ez du inongo erabilera zehatzik; hala ere, hau aproposa izan daiteke auzoan elkar puntu berri bat sortzeko.





PROIEKTUAN PARTE HARTZEKO EDO HONEN INGURUAN INFORMAZIOA JASOTZEKO: hirikiten@gmail.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario